Hezkuntza Proiektua
IKTen inguruan
Azken urteotan informatikaren inguruko teknologiak garapen eta hedapen indartsua izan du, aplikazio zein tresneriari dagokionez. Informatikaz baino gehiago Informazio eta Komunikazio Teknologiaz (IKT) hitz egiten da, jada. Garai batean, informatika informazioaren kudeaketaren zerbitzura jarri zen; egun, aldiz, nagusiki, komunikazio azkar, askotariko eta malguen zerbitzura jarri da.
IKTak eskolan
IKTak, nagusiki, komunikatzen ikasteko baliabide garrantzitsu eta eraginkorrak dira. IKTen erabilera eskola-jardueretan txertatzean, beraz, xede nagusi hori gogoan izan behar da: komunikatzen ikasteko baliabide gisa erabili behar da.
IKTak Txanela proiektuan
IKTak erabiltzeko, teknika-baliabide oso aurreratuak eskuratu behar dituzte ikasleek, eta baliabide horiek gauza garrantzizkoak egiteko edo arazoak konpontzeko baliagarri diren neurrian, curriculumeko ikasgaiak ikasteko eta horien ezagutza hobetzeko tresna eraginkor bihurtuko dira. Hauxe da, hain zuzen ere, LHko 3.zikloko ikasleekin lantzen den IKT Txanela proiektuaren xedea; alegia, IKTen bitartez, beraien eguneroko materialean, Txanelan, agertzen diren jarduerak lantzea. Honetarako, noski, ikasle hauen gelak hainbat baliabide teknologikoekin hornituta daude (proiektorea, pantaila erraldoia, ordenagailuak…)




