Hezkuntza Proiektua
Jaso Ikastolak hezkuntza osoa, pertsonalizatua eta eleaniztuna eskaintzen du, ikasketetan nahiz giza balioetan prestakuntza ematen diena goragoko zikloetara erraz iristeko eta gizartean eragile gertatzeko.
Ikasleek 2 urtetik 16 urtera bitarteko ikasketak egin ditzakete Jaso Ikastolan. Horri esker, irakasleek eta orientazio departamentuak ikasleen garapenaren etengabeko jarraipena egin dezakete.
Ikasketak lau ziklotan daude antolatuta (2 urte, 3-6 urte, 6-12 urte eta 12-16 urte), eta maila bakoitzeko bi lerro edo gela daude. Gela bakoitzean 25 ikasle daude, batez beste.
Hona hemen, laburturik, Jaso Ikastolaren Hezkuntza proiektuaren helburuak:
- Ikaslearen nortasunaren garapen osoa, bere bi alderdi kognitibo-afektiboetan, ikasleen hezkuntza etengabea oinarritzat harturik.
- Heziketa pertsonalizatua eskaintzea, ikasleen hezkuntza integrala bilatzen duena. Ezagutza, gaitasun, nahiz balio etikoak garatzea bizitza pertsonal, sozial eta profesionalean modu positiboan eragiteko.
- Banan-banako metodologia, emaitzei baino areago prozesuei erreparatzen diena, ikasleari aldiro egokitzeko gauza izanen dena, kontutan hartuz bai haien gaitasunak, bai bakoitzaren heltze prozesua.
- Euskara ardatz harturik, pertsona euskaldun eleaniztunak heztea, beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera bideratuz.
- Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa.
- Hizkuntz eta kultur aniztasunaren errespetua oinarri izanik, herrien arteko elkartasun eta lankidetza sentimenduen garapena.
- Gizakion oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan heztea, demokraziaren ezinbesteko printzipioak bezala hartuta.
- Sexuen arteko eskubideen egiazko berdintasuna, eta era guztietako diskriminazioei uko egitea.
- Aukera filosofiko eta erlijioso guztiak errespetatzea eta baloratzea.
- Ikasleen familiekin lan egitea, beren seme-alaben hezkuntzan ahalik eta gehien inplika daitezen.




